|
HERRITAR
GUZTIEK EZAGUTZEN DUTE NOAUA! ALDIZKARIA,
ETA 10ETIK 8K IRAKURTZEN DUTE
Aldizkariak
herritarren artean notoridade handia lortu du eta ia guztiek
ezagutzen dute. Doaneko zabalpenak horretan asko laguntzen du.
Ezagutzeaz gainera, asko edo gutxi, zerbait irakurtzen duten
herritarren ehunekoa ikaragarri altua da. Datu hauek Siadecok
bildu ditu azterketa soziolinguistikoari buruzko txostenean.

-
Aldizkaria irakurtzen dutenak zertxobait gehiago dira emakumezkoak
gizonezkoak baino.
- Adinari jarraiki, euskarazko alfabetatze maila eta Noaua!ren
irakurketaren artean badagoela lotura bat ikus daiteke. 16-44
urte arteko herritarrek, 45 urtetik gorakoek baino gehiago irakurtzen
dute aldizkaria. Aipagarria da ahoz erdararako joera handia dagoen
25-44 urte arteko biztanleria multzoan, 10etik 9 direla Noaua!
asko edo gutxi irakurtzen dutenak. Euskararen sentsibilizaziorako
adin tarte horretako herritarrengana iritsi daitekeen medio bat
dela erakusten du horrek.
- Hizkuntzaren ezagupenaren arabera, euskaldunen artean irakurtzen
da gehien baina erdaldunen eta batez ere ia euskaldunen artera
iristen den aldizkaria da. Horrek adierazten du informazio lokalak
baduela indar eta interes bat herritar guztien aldetik eta hizkuntzaren
normalizaziorako ere, hizkuntza tipologia desberdineko herritarrengana
iritsi eta haiek euskararen mundura erakartzeko Usurbilek egun
duen baliabiderik eraginkorrenetako bat izan daitekeela Noaua!
herri aldizkaria.

Bi multzo handitan
banatzen dira herritar gehienak, herritarren heren bat pasatxok
ordu erdi bat baino gutxiago eskaintzen baitio aldizkaria irakurtzeari,
eta ia beste hainbestek 30-60 minutu artean. 10etik 1ek ordu
bete baino gehiago eskaintzen dio.
Bataz beste, beraz, herritar gehienek (%71) aldizkariaren ale
bakoitzari eskainitako denbora ordu erdikoa da.

ANALISIA
Informazio
lokalaren indarra
Herritarrek egindakoa edota herrian gertatutakoa notizia bilakatzen
du Noaua! herri aldizkariak eta gertutasun horrek badu
oraindik ere indar bat zorionez. Gertuko kontuak, gertukoak direlako
edo gertuko batek kontatzen dituelako interesgarriak dira eta
egungo ofizio eta afizioek urrutira begira jartzen gaituzte askotan.
Informazio lokaleko hedabide baten bizitasunak, herritarren biziarekin
eta bizimoduarekin hedabide horrek lortzen duen loturarekin zerikusi
handia du. Idatzizko komunikaziorako bide bat zabaldu du Noaua!k
eta komunikazio hori intentsitate handiagokoa izatea da erronka
orain. Usurbilgo herri bizitza indarberritzeko potentzial bat
badu eta horretarako herritar guztiak aldizkariaren bitartez
"protagonista" sentitzeko bidea eginez jarraitu beharko
da: auzo desberdinek, edadeko, heldu eta gazteek, erdal eta euskal
hiztunek,...
Datu eta portzentajeek adierazten dutenez Noaua!ri egin
diogu tokia gure etxeetan eta hori emaitza bikaina da. Egia da
ate joka bera etorri zaigula eta merkatura diruz ordaintzera
joan behar izan bagenu emaitzak bestelakoak izango zirela.
Entretenimendurako, ezagupenerako nahiz informaziorako interesgarria
den guztiak izan behar du tokia aldizkarian. Ikuspegi objektibo
eta zientifiko batetik egindako lanaren emaitzak aurkezteko bezala
erabili behar da joera eta ideologia politikoen sinismenetatik
egiten diren balorazioak plazaratzeko ere. Guztientzako tokia
egitea da lehendabiziko lana eta bakoitzari dagokion tokia ongi
erabiltzea hurrengoa. Oreka bati eusteko ahalegina zaila baina
ezinbestean egin beharrekoa izango da. Lortuko al dugu erdaldunak
euskarara erakartzea eta euskaldunok euskara modu koherentean
maitatzea?
Juanjo
Allur, Siadeco |